XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.1.- DEFINIZIOA.

Eskubide errealei buruzko definizioa, hiru ezaugarri nagusitan oinarritzen da: 1.- Gauzarengan eskubide honen titularraren bapateko ahalmen zuzenean.

2.- Beste edonork ahalmen hori oztopa ez dezan exigitzeko boterean; ezaugarri hau, jatorriz latin hizkuntzatik eratorritako esamolde batez ezagutzen da: erga omnes boterea, hau da, guztion aurrean exigitzeko boterea.

3.- Eskubide errealak irautera destinaturik daude.

Eskubide hauek beren erabileran ez dira agortzen; obligaziozko eskubideak, ordea, erabiliz, hau da, betez, amaitu egiten dira.

Zentzu honetan, obligaziozko eskubideak eta eskubide errealak guztiz kontrakoak dira.

Behin eskubide hauen funtsezko ezaugarriak aipatu ditugularik, berauen izaerari buruzko zenbait teoria azalduko dugu.

Eskubide errealak definitzerakoan, gauza baten eta titular baten arteko erlazio zuzena direla aitortzen dugu.

Baieztapen honetatik doktrinak lehenengo galdera hau plazaratzen du: gauza batek inolaz ere gaitasun juridikorik edukitzeko aukerarik ez badu (gaitasuna pertsonoi dagokigu) nola izan daiteke erlazio juridiko baten partaide? Zailtasun honek erlazio juridikoen eskema arrunta apurtuko luke.

Oztopo teoriko hau gainditzearren, doktrinak bi bide asmatu ditu.

Lehenengoa eskubide errealaren titularraren eta eskubide horren objektu den gauzaren arteko erlazioa, gertatzen den erlazio arrunta dela kontsideratzea izan da.

Zuzenbideak erlazio hau kontutan hartzen du eta, erlazio juridiko guztietako elementu arrazoidunari jaramonik egin gabe, aipatzen ari garen erlazio hau erlazio juridiko bihurtzen du.

Teoria honen alde erlazio juridiko askotan, obligazio fiskaletan adibidez, borondatearen garrantzia guztiz baliogabetua azaltzen dela argudiatzen da, eta hau honela izanda, edukin juridikorik gabeko erlazioak direla ez dago esaterik.

Bigarren bideak, (modernoagoa eta sofistikatuagoa da hau), eskubide errealetan aipatu dugun bigarren ezaugarria hartzen du zutabetzat; erga ommes ezaugarria, alegia.

Eskubide errealak aztertzean, alde batetik eskubidearen titularra eta bestetik gainontzeko guztiak oposaturik daude.

Batek, titularrak, eskubidea du; beste guztiok, titular ez garenok, eskubide hori errespetatu egin behar dugu.

Beraz, teoria honen funtsa hau da: eskubide errealek bi subjektu juridikoren arteko erlazioa suposatzen dute: subjektu aktiboa (titularra) eta subjektu pasiboa (gainontzeko guztiok, bai gizarte bezala eta baita gutako bakoitza ere, gizarte horretako partaide bezala).